Neskak, mutilak eta LOMCE
Gaurkoan, Pikara aldizkariko artikulu bat dakartzagu.
NESKAK, MUTILAK ETA LOMCE
‘Wert
legeak’ ikastetxe segregatuak sustatuko ditu, patriarkatua
indartzeko era eraginkor bat erabiliz
Pasa
den urriaren hamarrean, Espainiar kongresuan ‘Hezkuntzaren
Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa’ (LOMCE) onartu egin zen.
Erreforma polemiko honek hainbat neurri barnebiltzen ditu, horien
artean, hizkuntza gutxituak bigarren maila batean kokatzea, edukien
eta azterketen zentralizazioa, bide profesional bata edo bestea
lehenago aukeratu behar izatea, lanbide heziketaren eta erlijio
irakasgaiaren bultzada eta sexu araberako bereizketa eredutzat duten
ikastetxeak bultzatzea, besteak beste.
Azken
neurri honen inguruko hausnarketa gauzatuko dut gaurkoan. LOMCE-ren
bidez, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe
pribatuak diru publikoz laguntzea sustatuko da, hau da, mota honetako
ikastetxeekin kontzertu ekonomikoak bultzatu egingo dira. Dena den,
aipatu beharra dago Hego Euskal Herrian jada baditugula sexu arteko
segregazioa modelotzat duten 8 eskola kontzertatu gutxienez, horiek
guztiak Opus Deiari atxikiak.
“Wert
legea” deiturikoak, hortaz, dagoeneko sustatu egiten dena indartu
egingo du. Beti izan al da, baina, sexu bereizketan oinarrituriko
hezkuntza bultzatua?
Frankismo garaia amaitzear zela,
1970.urtean hain zuzen ere, Hezkuntza Lege berria (LGE) plazaratu
zen. Lege honen bitartez hezkuntza mistoa orokortuz joan zen
Espainiar Estatuan, eskola publikoetan lehenik, ondoren
kontzertatuetan eta azkenik ia pribatu guztietan ere. Modu honetan,
2002.urterarte estatuko eskola publiko zein kontzertatuetan
modalitate mistoa onartu izan zen soilik, nahiz eta tartean hezkuntza
erreformak izan ziren. Urte horretan bertan, ordea, LOCE legea
plazaratzearen bitartez, ikastetxe bereiztuak kontzertatzeko aukera
zabaldu zen.
Geroztik,
heziketa zentru bereiztuen egoera bere horretan mantendu egin da,
pasa den urritik aurrera Wert legearen bidez eredu hau indartu egingo
delarik, antza.
Aukeratzeko eskubidearen izenean.
Azken
lege erreforma honek, zentru segregazionista hauen finanziazio
publikoa justifikatzeko, gurasoen “aukeratzeko eskubide” eta
“askatasuna”-rekin batera, “sexu izaeragatiko diskriminazio
eza” aldarrikatzen ditu. Honela azaltzen du LOMCE dokumentuak, hain
zuzen ere:
“El
apartado 3 del artículo 84 queda redactado de la siguiente manera:
En ningún caso habrá discriminación por razón de nacimiento,
raza, sexo, religión, opinión o cualquier otra condición o
circunstancia personal o social. No constituye discriminación la
admisión de alumnos o la organización de la enseñanza diferenciada
por sexos (…). En ningún caso la elección de la enseñanza
diferenciada por sexos podrá implicar para las familias, alumnos y
centros correspondientes un trato menos favorable ni una desventaja a
la hora de suscribir conciertos con las Administraciones educativas o
en cualquier otro aspecto (…).”
Sexu
arteko bereizketan oinarritutako hezkuntzaren hautua eskubide bat da,
antza. Legearen arabera, administrazio publikoak eskubide hori
bermatu beharra dauka guztion diruaz baliatuz, “diskriminazioa”
ekiditeko. Erreforma honen atzean, aldiz, ez da eskubideen
defentsagatiko edota askatasunarekiko grina ezkutatzen. Honen
oinarrian, ideologia politiko patriarkarra jendartean zabaltzeko eta
ezartzeko nahia ostendu egiten da. Izan ere, patriarkatua indartzeko,
hezkuntza segregatua sustatzea hautu ezin eraginkorragoa da.
Hezkuntza
eredu segregatuaren oinarri ideologikoak
Azken
urteotan geroz eta ozenago entzuten ari dira bereizketa ereduaren
aldekoen ahotsak, hainbat eta hainbat argudio darabiltzatelarik sexu
arteko segregazio hau justifikatu nahian. Ez dut argumentu horiek
guztiak jorratzen luzatu nahi, Marina Subirats soziologoak bere
idatzietan ezin hobeki lantzen eta baliogabetzen baititu
(“Coeducación o escuela segregada?Un viejo y persistente debate”
2010.urteko artikuluan, esaterako).
Bereizketa
eredu honen oinarrian dagoen ideia nagusiaren aipamena egingo dut,
ordea: “gizonak eta emakumeak ezberdinak gara biologikoki, hortaz,
ezberdintasun horiek kontuan hartu eta aparte heztea da egokiena”.
Ez
dut gizonen eta emakumeen artean ezberdintasun biologikoak ez
daudenik esango, ez dut zertan egin. Azken urteotan, izan ere, sexu
arteko ezberdintasun biologikoen ikerkuntza kopurua eta kalitatea
nabarmen hazi egin da. Ikerketa hauek, gainera, emakumeontzako
onuragarriak ari dira izaten batez ere, zientzia guztiek historikoki
izan duten androzentrismo kutsua apurtuz doalako gutxinaka. Era
honetan emakumeon ezaugarri eta behar espezifikoak geroz eta hobeto
ezagutzen dira, medikuntzaren kasuan esaterako.
Dena
den, arriskutsu deritzot ezberdintasun biologikoen ikerketatik atera
daitezkeen ondorio deformatuei. Historian zehar, botere patriarkarra
ezaugarri biologikoez baliatu izan da diskriminazio soziala
justifikatzeko. XIX. mendean, esaterako, hainbat ikerkuntzek gizonen
burmuina emakumeona baina %9 handiagoa zela frogatu zuten eta hortik
emakumeok ahalmen intelektual urriagoa dugula ondorioztatu egin
zuten. Gaur egun, baina, soberan demostratua dago oker zirela.
Egun,
patriarkatuak tankera horretako argumentuak darabiltza hezkuntza
eredu segregatua bultzatzeko, genero ezberdintasunak determinatzeko:
mutilak neskak baino indartsuagoak dira, logikoagoak, bortitzagoak,
sexualagoak, neskei begiratuz arreta galtzen dute…
Ezberdintasun
biologikoek, aldiz, ez dute pertsonon bizitza soziala aldez aurretik
determinatzen. Hau da, sexuak ez du generoa determinatzen. Badirudi
sexu bereizketaren aldekoek bi kontzeptu hauek nahasten dituztela,
genero ezberdintasunak naturalizatzen dituztelarik.
Pentsamendu
horretan zimendurik, sexu segregazioa oinarri duten ikastetxeek
pertsonen generoa determinatu eta azpimarratu egiten dute sexu
biologikoaren arabera. Modelo honen bidez, haurren genero
identitateak “neska” eta “mutil” kategorietan sailkatu eta bi
horien arteko ezberdintasunak nabarmendu egiten dira, patriarkatua
eusten duen oinarria mantenduz era honetan. Hezkuntzaren funtzioa,
aldiz, ez da genero ezberdintasunen ezarpena, ikasleak beren
aniztasunean errespetatzea eta heztea baizik.